BAO LOGO OK 2 e1391622790962
manu chao

Manu Chao. Global Pentsatu lokal jokatu

Urte batzuk dira Manu Chaok ez zuela birarik planteatzen iberiar penintsulan zehar. Ez dugu Bizkaian ikusten ordutik, Fermín Muguruzarekin batera Jai Alai Katumbi Express izeneko

lokomotora ibiltari hartan batetik bestera zebilenetik. 2013ko erdi aldean Manuk ibilbide laburra planteatu zuen penintsulan barrena, eta aldizkari hau horren lekuko pribilegiatua izan zen Madriletik pasatu zenean. Hemen duzun hau agertokiaren atzealdetik egindako kronika da, egun nagusitzen ari den neo-feudalismoak eragindako haserrearen ordezkari musikalik jatorrenak emandako kontzertuaren kronika alegia.

Frankismoaren garaian erbesteratutako aita galiziarra eta ama euskalduna dituen seme entzutetsu honek hainbat hizkuntzatan kantatzen du –batez ere gaztelaniaz– eta rocka, reggaea, ska eta folklore latinoa itxaropenaren esanahia duen soinu collagea bihurtu du. Berarekin izandako topaketa Rivas Vaciamadrideko Miguel Ríos Auditorioan emandako kontzertuan izan zen, duela ez urte asko zabortegi handienetako bat zen mendi-magalean kokatua. Kon-tzertu baten aurretik Manuren kamerinoan sartzean paristarra eta bere taldea edozein txokotan jotzen aurki ditzakezu, berotzen, airea girotzen. Oraingoan ez. Batetik, aurreko gauean Salamancan egon zirelako, beraz, nahikoa prest zegoen taldea; bestetik, gaur partida dagoelako, Erregearen Kopako finala Atlético de Madrid eta Real Madriden artean, eta Manu futbolzale amorratua da; izan ere, urteetan erabili zituen futbol taldeen elastikoak eszenatokira irteteko, baina ohitura hori baztertu egin zuen, horietan inprimatuta zegoen publizitatea kentzeaz nekatuta.

Backstagearen pasabide zabalean zehar dauden geletako batean, horman, partida proiektatzen ari dira, eta bertan daude gehienak. Manu atzealdean, plastikozko aulkitxo batean, baloiari jarraitzen; inguruan, teknikariak, musikariak, Amparanoia, Antón Reixa (orduan SGAEko presidentea)… Esaten dutenagatik, nabaria da guztiak zuri-gorriekin daudela, azkenean garaileak izango zirenak. Hala ere, jarraipena ez da hain sutsua, batzuek eta besteek zatika jarraitzen dute partida, gela horretara behin eta berriz sartzen eta irteten. Tomasito eta Zulú 9.30 izango dira kontzertua irekiko dutenak, ordurik txarrenean, Finalarekin bat baitator –arra-tsalde hotz eta euritsu desatsegin batean, gainera– eta euren kamerinoetatik dabiltza batetik bestera, korrika, urduri. Manuren taldea, atzeko gela batean ixten da tarteka…

Agurrak Amparo Sánchezekin, lehen Amparanoia, hasi dira. Granadakoa bera, Manuren lagun handia da, duela urte asko Madrilen auzokide izan zirenetik hastapenetan asko lagundu zion paristarrak. Manu taldera dator: Amparok kontatu du gaur egun kontzertu gehienak Espainiatik kanpo ematen dituela, hemen ez dutela horrenbeste zaintzen; halaber, orain egiten duen ekoizle lanaren berri ere ematen du. “Noren ekoizle izan zara?” galdetu dio Manuk; “besteak beste Che Sudaka eta Abuela Margaritarena –azaldu du–, azken hori asko gustatuko zaizu”. Ondoren, Manuri formatu berriari buruz galdetu diogu, “La Ventura” izenekoa. Bertan ematen du ez dagoela haize-instrumenturik, ez teklaturik, ezta perkusiorik ere. “Orain lau baino ez gara –esan du–, Garbancito (Mano Negrako ohia, bateria), Gambeat (baxua), Madjid (gitarra) eta neu. Nahikoa”. Munduan zehar egiten dituzten bidaiei buruz galdetzean, Manu desbideratu egiten da taberna txikietan egiten dituen emanaldiak azaltzen, iragarpen eta publizitaterik gabeak, kaleko rumba. “Bai, arlo horretan ez dago etenik –azaldu du–, eskumuturra ondo entrenatuta daukat; beti nabil Madjidekin, tabernaz taberna ematen dut denbora. Dibertigarriagoa da. Badakizu, gogokoago ditut zaharren tabernak okupak baino”. Zupada batzuk eskaini dizkiote, baina ezetz esan du “Ez, orain ez, agian gero”. Une horretan Herri Sahararraren zenbait ordezkarik, haima kanpoan dutenak, Manurekin hitz egiteko aukera eskatu dute, ekitaldian hitzaldi labur bat emateko baimena eska-tzeko. Manuk, errespetuz, onartu egin du eta orduan sahararrak eszenaratzeko une egokia bilatzeari ekin dio. Orduan kamerinotik irteteko aprobetxatu dugu, bertan dagoen publikoarekin nahastu eta kontzertuaz gozatzeko helburuarekin.

Kontzertuan, big-banda oinarrizko rock talde batera murriztuta, Manuk betikoa eskaintzen du: reggaea eta ska bere erara, bateriaren hardcore erritmo zoro horrekin, eta gitarra bakarlariaren kutsu flamenkoarekin; alabaina, jakina, kontzertu bakoitza ospakizun paregabe bihurtzen zuten moldaketak falta dira. Edozein modutan ere, talde titularrak energia du barra-barra, euforia eragiten du, kantu bati bestearen atzetik ekiten dio etengabe eta publikoak amore eman behar du magiaren aurrean. Erdi-erdian Chao Komandanteak, bisera ondo sartua, alkandora zabalik eta arrantzale-prakak soinean, jauzi piroteknikoak egiten ditu, berrogeita hamar urtetik gora dituela ahazteko moduan, talka-terapiaren gorabeherak kontrolatuz. Emanaldia eskuzabala izan da (3 ordu, 6 bis eta guzti) eta Mano Negra lehengo taldearen kantuak, hala nola «King Kong Five», «Machine Gun», «Mala Vida» eta «Sidi ‘h’ Bibi», bakarkako etapako kantuekin tartekatu ditu, «Por el Suelo», «Mr. Bobby», «Rumba de Barcelona», «Clandestino» edo «Me Gustas Tú» bezala. Bitartean, bandera sahararra kapa moduan janzteko aukera ere izan du –gaueko momenturik beroena–, edota Amparorekin “Mi Amor se Fue” abesteko; eta emanaldi biziari bukaera emateko, “Desaparecido”.

Ondoren, kamerinoan, lau edo bost urterako agurtzean, Manuri balizko disko berri bati buruz galdetu diogu. Oilasko pixka bat jaten aurkitu dugu, Amparorekin, luxurik gabeko catering baten aurrean. Clandestino (98) lanarekin munduan mestizaiaren oinarriak astindu zituen eta ondoren hurrenez hurren Estación Esperanza (01), Radio Bemba Sound System (02), Sibérie m’était contéee (04) eta La Radiolina (07) lanak argitara eman zituen gizonak zirt zart erantzun du: “Hori jende guztiak galdetzen dit, Kike. Kokoteraino nago. Disko bat zertarako, zergatik?”

Texto: Kike Babas & Kike Turrón
Fotos Archivo Manu Chao y Alex Laurel

 [gmedia id=3]

Scroll al inicio