BAO LOGO OK 2 e1391622790962
berritxarrak

Berri Txarrak. “Zarata eta belusaren artean”

Lana eta eboluzioa dira talde nafar honen konstantea. Izan ere, nazioarte mailan toki garrantzitsua lortu dute doinu gogorren esparruan, hasierako hardcoretik metalik berrienera doazenak. Berri Txarraken musikan zarata eta amorrua barne begirada poetikoarekin eta melodiarako jite emozionalarekin uztartzen dira. Taldearen biografian bi etapa bereiz litezke. Lehenengoa, eragin punk-metalikoak bete-betean xurgatu eta jardun pertsonalizatu bihurtzen zituen lau kide egonkorrez osatutako talde moduan. “Berri Txarrak” (97) laneko heavy metal klasikoaren ondoren, “Ikasten” (99) eta “Eskuak / Ukabilak” (01) lanetako rock alternatiboago baterako pausua etorri zen, non Gorka Urbizuren ardura poetikoa antzematen baita, taldeko kantaria eta gitarrista bera, Joseba Sarrionandiaren “Aspaldian utzitako zelda” eta “Mundua begiratzeko leihoak” poemak egokitu zituenak. “Libre ©”-n (03) berun likidozko soinuaren oinarriak ezarriko zituzten behin betiko, eta bertan hardcorearen haizeek eta metalek ondo egiten dute bat elementu melodikoekin eta emoziozko pasarteekin. Halaber, “Libre ©” lanarekin mundu zabalarekiko lehenengo benetako harremana ere heldu zen; izan ere, “Denak ez du balio” kantuan Tim McIlrathek parte hartu zuen, Rise Against talde estatubatuarreko gitarrista eta abeslariak, eta orduan bien arteko harremana hain izan zen erraza non Europan eta Hegoamerikan zehar egindako biran haiekin joan baitzen talde nafarra.

Taldearen bigarren etapa 2004an hasi zen, Berri Txarrak hirukote izatera pasatu zenean. Orduan, haien karrerari jauzi kualitatiboa eta kuantitatiboa ematen lagunduko zion diskoa grabatu zuten: “Jaio.Musika.Hil” (05), non garra eta ildo melodikoa bikain kontrolatzen baitira, elementu biak nortasun bereziz uztartuz, eta jakituriaz osatuz. Musika-kritika taldearen xarmaz jabetu zen eta hirukoteak, uneak ekarritako aukerari eutsiz, nazioarteko konkistari ekin zion, diskoa Europan, Ameriketan eta baita Asian ere aurkeztuz. Hiru urteko bira, 200 kontzertutik gora eta “Zertarako Amestu” (07) dokumentala lorpenaren lekuko, non, gainera, taldeak, eszenatokirik gabe eta jarraitzaileez inguratuta jotzen, Gernikan emandako kontzertu bat sartzen baita.

Duten indarra ezagututa, eta rock aldi ertainaren jabe, 2009an “Payola” lan gordina kaleratu zuten, Chicagon grabatuta zarata-musikaren magoa den Steve Albiniren agintepean (Nirvana, The Pixies eta PJ. Harveyren ekoizlea), eta taldearen eta Roadrunner zigilu iparamerikarraren artean argitaratua. Berriz ere haiekin egiten du lan Tim McIlrathek “Achtung” eta “Folklore” kantuetan; azken horrek punk kantarik onenarentzako saria irabazi zuen Independent Music Awards sarietan.

Taldearen zazpigarren lana, eta gaurdaino azkena, “Haria” (11) da. Ordurako jatorrizko taldetik Gorka geratzen da bakarrik eta David González baxuarekin eta Galder Izagirre bateriarekin osatzen da. Lan horretarako, taldea Ross Robinsonen esanetara ipini zen, besteak beste Slipknot, Korn, The Cure edo Sepultura taldeen produktorea izandakoa, eta soinu-ukitu berriak eransten dizkio koherentzia sinesgarriz ebaki eta birrindu, txikitu eta laztantzen duen hizkuntza sonikoari. Ardura lirikoa gero eta nabariagoa da eta “Makuluak”en Bertold Brecht egokitu zuten; baina ez da berria idazle alemaniarrarekiko harremana, 2010ean taldeak Mikel Laboak euskaraz zabaldu zuen “Liluraren kontra” poemaren bertsioa egin baitzuen. Horrez gain, diskoan Weezer taldeko baxua eta The Rentalsen buru izandakoaren lankidetza ere izan zuten, Matt Sharp.

Lankidetzen arloan, Gorka Urbizu beti izan da lagunen laguna eta bere lorratza beste orrolari batzuen lanetan ere entzun daiteke, hala nola Boikot, Dikers, Habeas Corpus edo KOP. Gogoangarria da Negu Gorriakeko Fermín Muguruzarekin bakarka egindako “Itxoiten” kantuaren interpretazioa (Youtuben bilatu). Dena den, bitxikeria batez gozatu nahi baduzu, King Putreaken “Tango del Tongao” kanta bilatu, non rock egilea zer eta trikitixa jotzen entzun baitaiteke. Sustraiak beti sustrai.

– Esan daiteke zuen azken diskoaren bira bukatu berri duzuela. Diskoa Europa osoan zehar aurkeztu genuen, 20 eguneko bira batean, eguneko kontzertu bat emanez. Ondoren, gauza txikiak egin ditugu, baina oso garrantzitsuak, besteak beste Frantziako Hellfest Open Air, edota Parisen Sick Of It All-entzat irekitzea… Agian Asia eta Amerika ez dira egon, aurreko biretan ez bezala, baina hara ere itzuliko gara, ziur.

– Egindako biren artxiboari erreparatuz, toki izugarrietara joan zarete: AEB, Mexiko, Taiwan, Tokio, Txile, Argentina, Brasil, Europa osoa… Jotzeaz gain, zerbait gehiago egiteko aprobetxatu dituzu bidaiok? Batzuetan bukle sentsazioa geratzen zaizu; izan ere, bira egiten ari zarenean, sarritan ez dago astirik tokiak eman diezazukeen guztiaz gozatzeko eta, azken finean, betikoa egiten duzu: furgoneta, proba, afaria, kontzertua, hotela, berriz ere furgoneta, proba… Baina, jakina, toki bakoitzaren errealitateaz zerbait ikasten saiatzen zara, bertako gastronomia probatzen, jendearekin hitz egiten…

– Zer da bidaia horietan gertatutako bitxiena? Denetarik. Musika jotzea, berez, abentura da, eta horri eransten badiozu Hong Kongen, Korean, Brasilen… jo izana, kontuak atera. Macaon, adibidez, oso leku sinesgaitzetan jo genuen: jatetxeak, kasinoetako tabernak… benetan bitxia.

– Galdu al duzue ekipajerik, gitarrarik edota galtzeak amorrua ematen duen horrelako gauzarik? Batzuetan, musika-tresnak baino lehen heldu gara gu tokietara, hegazkin-konpainien ezgaitasunari esker. Eta gitarren estalkiak edota txindatak txikituta…

– Bidaia bakoitzetik oroigarriak ekartzen dituen horietakoa zara? Bai, bai. Apunteak ere hartzen ditut, baina beti pentsatzen duzu azkenean desagertzen joaten diren oroitzapenak daudela… denborak ez du barkatzen eta egunean egunekoa bizi behar da.

– Datorren urtean taldeak 20 urte beteko ditu… Nola ikusten duzu taldearekin hasi eta orain horren inguruan bizimodua eraiki duen gazte hura? Oraindik ere sinestezina iruditzen zait. Ezagutzen nauenak badaki asko kostatzen zaidala erabakiak hartzea. Horregatik, bitxia da nolako ausardiaz borrokatu naizen amets txiki hau gauzatzeko.

– 20 urteotan aldaketak egon dira taldean, jendea sartu da, beste ba-tzuk irten… baina zuk eutsi diozu. Nola bizi izan dituzu joan-etorri eta aldaketa horiek? Inoiz pentsatu al duzu taldea uztea? Milaka aldiz pentsatu dut, ia birak bukatzen diren bakoitzean. Nekea nabaritzen dut, baina erronkak gustatzen zaizkit eta baita hausten joan garen horma ikustezin horiei erreparatzea ere. Orain erabat indarberrituta gaude.

– Taldean horrenbeste urtean egonda, horrelako bira luzeak egiten direnean, nola egiten da musikaren inertziaz askatzeko, oinak lurrean ipini eta bizimodu normala eramateko? Uste dut argi izan dudala oreka hori eszenatokira igo nintzen lehenengo egunetik. Agian, hiri handi batean, itxurak presio handia egiten duenean, desberdina izango litzateke, baina ni beti bizi izan naiz Lekunberrin, eta jendeak txikitatik ezagutzen nau. Uler dezaket zure bizitzaren soinu-banda osatu duen jendearekiko mirespena (neuri ere gertatzen zaidalako), baina horrek ez zaitu besteak baino handiago egiten.

– Duela urte batzuk Steve Albinirekin, izen handikoa bera, lan egin zenuen gertu-gertuan, azken diskoan, berriz, Ross Robinsonekin. Eroso lan egiten da edo urruntasuna nabaritzen da maila horretako jendearekin? Egia da batzuetan ez dela erraza gertuko ekoizleekin duzun kidetasun maila hori lortzea (hizkuntza ere sartzen da hemen), baina, azken finean, musikarekiko grina sentitzen duen jendea da, eta hortxe egiten dugu bat hasiera-hasieratik. Harremana beti elkarrenganako errespetuan oinarritu da, eta helburua kantua izan da.

– Zazpi disko kaleratu dituzue jada. Nola ikusten dituzu orain, denboraren distantziaz, lehenengo diskoak? Jendearentzat inoiz pentsatuko nukeena baino garrantzitsuagoak direla uste dut. Denborarekin, zenbait oroitzapen lausotu egiten dira eta beste batzuk, berriz, idealizatu. Egia esan, ez dut ondo gogoratzen disko horiek nola sortu ziren, ezta orduan izan genuen erantzuna ere. Gogoratzen dudana da ahalik eta gehien jo nahi genuela. – Beti izan duzue kontzeptu soniko gogorra eta aldi berean atsegina, melodikoa baina basatia, garbia baina astuna… stoner esaten zaio? Nola deituko zenukete? Rocka estilo bat baino, bizitzeko modua da, eta BTXri izenik ematekotan horixe emango nioke. Gero xehetasunak daude, jakina, eta alde horretatik nahiko talde heterogeneoa gara. Dena biltzen duen pop elementua dago, baina oinarria beti da rocka, metala, hardcorea, punka. Edo alderantziz, nola begiratzen duzun. Nire helburu bakarra transmititzea da.

– Bilbon gaude. Kontatuko didazu nolako oroitzapenak ekartzen dizkion Bilbok Berri Txarraki? Topikotzat har daiteke, baina hemen babestuta sentitzen gara. Izan ere, oraintxe bukatu den bira Bilbon hasi zen, Feveren, birritan “sold out”. Zirkulua hiri berean itxi nahi genuen, eta gure karreran ezinbestekoa izan den areto batean egin, hau da, Antzokian. Alde batera utzi dugu gau gehiago egiteko aukera edota jende gehiago hartuko zuen beste toki bat bilatzea. Ezinbestekoa da elementu sentimentala. – Bira bukatuta, zeintzuk dira planik hurbilenak? Lehenengo eta behin, masajistari txanda eskatu. Ondoren, bira bukaerako bazkari on bat, eta gero berriz ere lokalera, bertan egiten baitira bandak.

Texto: Kike Babas & Kike Turrón • Fotografías: Galder Izaguirre

[gmedia id=112]

Scroll al inicio