BAO LOGO OK 2 e1391622790962
portada kepa junkera 07

Kepa Junkera

“Trikitilaria, Euskadiko enbaxadore”. Marijaiaren kanta konposatzeagatik bakarrik, urte gutxi baditu ere ‘beti-betikoa’ ematen duena eta Aste Nagusiaren ereserki bihurtu dena, Bilboko historiak bertako itzaltsuenen artean tokia egingo lioke. Edota Grammy sari bat irabazi izanagatik (2004), nazioarte mailako musika saririk entzutetsuena, Arriaga Antzokian grabatutako diskoagatik. 

Hala ere, hori guztia ezer gutxi da Kepa Junkeraren karrera luzean, bere trikitixarekin milaka bidaia egin dituena Euskal Herritik mundura eta alderantziz, musika eta kultura aitzaki, tradizioa eta globalizazioa, berrikuntza eta sustraiak, munduko soinujolea den euskal musikari baten eskuen artean kontzeptu banaezin bihurtuz. Baina beti etortzen da bueltan, beti. Gaur egun alde zaharra eta Busturia artean bizi da, eta noizean behin Rekaldeko familiaren etxera itzultzen da, bere jendea bisitatzera.

Trikitixaren maisu honen trebetasun handiena, agian, jendearekin konektatzeko duen ahalmen berezia da, munduko musika desberdinetan dagoen herri kutsuarekin konektatzeko eta bere zainetan doazen euskal sustraiekin elkarlotzeko. Ezinezkoa litzateke ondo asmatzea helburu handiak eta berritzeko ikusmira ausartak dituen pertsona batekin ez balitz, musika elkarlanekin aberasteko sekretua ezagutzen duena, erritmoaren mugak bizkaitar pasaportearekin gainditzen dakiena, jakin-min aberasgarriaren jabe.

65ean jaiotako bilbotarra, Rekalden bizi eta hazitakoa, Kepa txikitan erromerietara joaten zen, non amak dantza egiten baitzuen eta aitonak panderoarekin lagundu. Horixe da autodidakta honen jatorri musikala, estilo pertsonal paregabea hartuko zuena, trikitixaren mundua, eta ondorioz, euskal musika tradizionalarena, hankaz gora ipiniko zuena, mugak gaindituko zituen eboluziora eramanez. Bere lana hain zabala eta askotarikoa denez, zail egiten da jarraitzea: ibilbide diskografikoaz gain, Kepa Junkera produktorea, luxuzko kolaboratzailea (Caetano Veloso, Pat Metheny, Bernardo Atxaga, The Chieftains, María del Mar Bonet edota Dulce Pontes), euskararen eta musika-tresna tradizionalen aldeko aktibista (alboka eta txistua, besteak beste), irakaslea Euskal Herriko goi-mailako Musika Eskolan, edota zuzendari artistikoa Euskadiko Txalaparta Konpainian.

Diskografiari ekin zion Kepa, Zabaleta eta Motrikurekin (87), eta ondoren etorri ziren jazzarekin fusionatzen ziren Triki up (90) eta Trikitixa Zoom (91). Trans Europe Diatonique (93) lanarekin Europan izandako esperientzia jaso zuen, Kalejira Al-Buk (94) heldutasun artistikoaren hasiera izango zen eta Lau Eskutara (95) Julio Pereira portugaldarrarekin egindako lankidetza izan zen. Leonen Orroak (96) lanarekin Bizkaiko sustraietan murgiltzen da, eta bere hiriarentzako omenaldi moduan egindako Bilbao hora 00:00h (98) lanari esker izango zituen nazioarte mailako lehenengo aitortzak.

Mundu mailako karrera bideratuta, Europako ekialdea islatzen du Maren (01) lanean, eta Arriaga Antzokian grabatutako disko bikoitzarekin, K (03), Grammy Latinoa irabazi zuen folk lanik onenarentzat. Hurrengo lanaren arreta osoa lehoientzat izan zen, Athletic Bihotzez (04) bere talde kutunarentzako omenaldi moduan egin baitzuen. Hiri (06) lanarekin hiriak amestu zituen eta Etxea (08) lanarekin, berriz, Euskal Herriko kantu tradizionalak bertsionatu zituen Miguel Bosé, Andrés Calamaro, Miguel Ríos edo Ana Belén bezalako kolaboratzaileekin. Provença Sessions (09) diskoarekin bere kantuak berrikusten ditu Melonious Quartet-en laguntzarekin. Kalean euskal kanta tradizionalak berreskuratu zituen Amerikako izen itzaltsuen parte-hartzearekin, hala nola Lila Downs, León Gieco, Pablo Milanés edota Juanes. Habana Sessions (10) izenekoan bere lanak grabatzen ditu berriz ere, Rolando Lunaren pianoak lagunduta. Beti Bizi (10) lanean, Xabier Amuriza eta Leioako abesbatzarekin batera, tradizioa eta elektronika uztartzen ditu eta Ipar Haizea (11) lanean, berriz, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin bat egiten du.

Mosaiko erraldoi honen azken pieza Galiza da (13), benetan gustuko duen irudiari omenaldia. Bertan, 200 musikari galiziarretik gora hartzen dute parte eta pandeiroak, txalapartak, gaitak eta trikitixak ama beraren seme-alabak ematen baitute. Izan ere, diskografia hori guztia iraganari begira egon arren, etorkizuna asmatzen du, euskaldun jaio arren munduko moduan islatzen da, eta musika herrikoiaren antzinako hizkuntzak bereizten dituen hormak gainditzeko gogoa agertzen du.

– Galizia da zure disko berriak daraman lurra. Zergatik hartu orain lur eder hori ardatz?

Unea zen. Hogei urte luzez izan dut harreman handia Galiziarekin, eta oraintxe heldu da momentua. Bereziki mugitu nauena hango musikarekiko mirespena eta sentimendua izan da, melodiak, erritmoak, indarra, galiziar kulturak duen bizitasuna. Horrek guztiak bultzatu ninduen aurreko urtearen bukaeran proiektuarekin zintzo lan egitera. Eta hona hemen kultura zabal haren zertzeladak dituen disko-liburua, ondare unibertsal eta kultura boteretsu horiei buruzko nondik norakoak.

– Irakurri dut 200 musikarik parte hartu dutela. Kortesiazko bazkaria eginez gero horietako bakoitzarekin, urtea joango litzaizuke…

(Barreak). Ez. Tira… Talde batzuk tradiziozko musika eskoletakoak dira, Vigokoak zein Santiago de Compostelakoak, eta horrela parte-hartzaileen kopuruak gora egiten du; ikasten egon arren, kalitate handiko musikariak dira. Izen handiko irakasleak dituzte, Rodrigo Romaní bezala, Sondeseu eta Milladoiroko partaidea.

– Rekaldek, zure sorlekuak, norainoko eragina izan zuen musikarako zure bokazioan?

Erabatekoa. Bai Rekaldek bai nire familiak. Gurasoek xumetasunaren eta umiltasunaren baloreak irakatsi zizkidaten, eta horietan oinarrituta eraiki dut nire karrera. Aitonak panderoa jotzen zuen eta amak dantza egiten zuen, eta horiek ere zerikusi handia dute. Auzoak eragin handia izan zuen niregan garai hartan.

– Adinagatik, Bilboko punk sasoia bizi izan zenuen, kalean nagusitu zen euskal rock erradikal hura guztia.

Edozein gaztek bezala bizi izan nuen hura. Baina ni autodidakta nintzen, 10 urte nituela musika joten nuen, eta orduan beste gauza batzuk nituen gustukoago baina talde horiek jarraitzen nituen, gaur egun oso estilo anitzetako taldeak jarraitzen ditudan moduan. Herrikoiena aukeratu nuen, eta, horrenbestez, ez nuen parte hartu, baina entzule eta ikusle moduan dena ezagutzen nuen, jakina. Era guztietako artista askorekin egon naiz, hala gertatzen da jaialdietan, beraz, niri ez zait arrotz egiten rock taldeen ondoan egotea eta haiei trikitixa jotzen duen tipo baten ondoan egotea. Baina gauza bera jazzarekin, musikari askorekin esperimentatu dut eta asko interesatzen zait mota hori.

– 1998an lanik sarituenetako bat egin zenuen, zure hiriari omenaldia, Bilbori.

Beti saiatu naiz nire lanetan eguneroko bizimodua islatzen, agertzen. Dena adierazten dut musikaren bidez; nire kantuetan ez dago ahotsik, eta agian horregatik garrantzi berezia ematen diet bai ikusten denari bai diskoen zein kantuen izenburuei. Nire inguruneari garrantzia ematen saiatzen naiz, niretzat duen itzala eskertzen, azken finean horiek ere eragina dute norberarengan, ezta? Dublinen jaioa banintz eta musika interesatu balitzait, segur aski nire lana oso bestelakoa izango litzateke. Munduari nire ingu-rua sentiarazi nahi nion, non bizi naizen, nire nortasuna marka-tzen duena.

– Hamaika lankidetza egin dituzu, zein izan da zuretzako bereziena?

Nire karrera lan oso baten moduan ikusten dut, ez dut atalik ikusten… nire toki xumetik, heldu naizen tokira heldu izana benetan zoragarria da. Gainera, gehien gustatzen zaidana egiten. Baina gehien hunkitu nauena aitonaren panderoaren lehenengo dei hori izan da, gero ezin izan ninduena entzun. Alabaina, kolaborazioa egiten saiatu ginen beste modu batean. Agian horixe da lankidetza guztien artean harrigarriena… eta hori talentu handiko jendearekin jo dudala, erabat sortzaileak.

Texto: Kike Turrón & Kike Babas

[gmedia id=204]

Scroll al inicio