BAO LOGO OK 2 e1391622790962
Portada Necropolis

Arkeologiako harribitxi berri bat urdaibaiko erreserba erdi-erdian

Gaur arte Bizkaian aurkitutako lehenengo errauste-nekropolia, eta bakarra, Busturia eta Bermeo herrien artean dago, inguru ikusgarri batean, Tribisburu gainean, Sollubeko mendi-magaletan, hain zuzen ere. Arkeologiari dagokionez, lurralde osoan, aukera ugari eta askotarikoak dituen eremuetako bat da.

Duela hiru urte ekin zien Bizkaiko Foru Aldundiak altxor arkeologiko honetako indusketa lanei, eta, gaur artean, hamar hilobi-egitura aurkitu dituzte. Gela hauen barruan uzten ziren hildakoaren errautsak, baita bere gauzak ere, erreta.

Aztarnategi arkeologiko honen berri aurrenekoz 1994. urtean izan zuten, eta 2013 urtean sartu zuen Bizkaiko Foru Aldundiko Kultur Ondarearen Zerbitzuak bere ikerketa-proiektuen artean Tribisburu.

Aurkitutako hondakinek erakusten digute gure Tribisburuko arbasoek I. eta III. mendeen artean zein hileta-erritu erabiltzen zuten. Hilberriaren gorpua erretzeko egurrez elikatutako sua erabiltzen zuten, eta harekin batera erretzen zituzten bai bere gauzak bai bizirik zela hurrekoengandik jasotako opariak.

Indusketa lanak Juan Jose Cepeda ar- keologoak zuzendu ditu, eta bertan tresna ugari aurkitu ahal izan dituzte, hala nola: jan-tziak, oinetakoak, armak, apaingarriak edo eguneroko erabilerarako gaiak (zeramikazko platerak eta eltzeak). Nahiz eta aurkitutako aztarnak oso apurtuta egon, zalantzarik gabe antzematen da erromatar kulturaren eragina.

Indusketa lanak amaitu eta nekropoli eremua finkatu ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiak Tribisburuko multzo-arkeologiko guztian seinaleak jartzeko asmoa erakutsi du. Aurreikuspenen arabera, leku hau urte bete barru, 2016an hain zuzen ere, egongo da erabat egokituta herritarrek bisita gidatuak egiteko.

Horrela, bada, harribitxi arkeologiko honek Aldundiaren kultur eskaintzarekin bat egingo du, dagoeneko herritarrentzat zabalik dauden gainerakoekin batera: Arrolako Oppidum-a, Foruko erromatar-herrixka eta Ereñozargo baseliza eta gaztelua.

 

Scroll al inicio